Nacho Suárez Sevillako fokolarrean bizi den fokolarino bat da. Bere esperientzia benetakoa ez dirudien horietakoa da… harik eta egun batean gertatzen den arte; berak kontatzen duen bezala: «Askotan, Sevillako Areatzako Merkatuko arkupeetatik pasatzen nintzen; iraileko ostiral hartan ere bai…
Parrokian gaixoei jaunartzea eramateko eskatu zidaten. Jesus Eukaristia txaketaren poltsikoan eramaten nuen eta emozio eta sentsazio sakonetan sartuta sentitzen nintzen. Nire barruko xarma hautsi egin zen, hain zuzen ere, Areatzako arkupeen azpian nengoela: ulertzen ez nituen hitz batzuk, alkohol usain handi bat eta esku zikin bat nire beso gainean. Ez nuen jaramonik egin, ezta aurpegia itzuli ere nor zen ikusteko, nire bideari jarraitzeko erabakia hartuta. Hala ere, bizpahiru pauso aurrerago, Jesus Eukaristiak nire izatearen sakonenean esaten zidala sentitu nuen: "Hori ere ni naiz".
Jiratu eta gizonarengana joan nintzen, barkamena eskatu nion kasurik ez egiteagatik, eta lortu ondoren, besarkada bat eman nion. Ez dakit nola, baina nire aurrean ez zegoen gizon mozkor, zikin eta kiratsu hura, Jesus zen!
Eta bizitzen ari nintzen maitasunean murgilduta, "bai" esan nion Jesusi bihotzean. Ez nekien zoriontsutzat hartu behar nuen neure burua Eukaristia nirekin eramateagatik edo Jesusen aurpegi hori besarkatu izanagatik.
Egunero Jesus aurkitzeko mezatara joaten nintzen bezala edo elizako Sagrarioan bisitatzen nuen bezala, egunero joaten hasi nintzen Areatzako arkupeetan gau eta egun bizi ziren pertsonen artean eta haiengan hura aurkitzeko. Batzuk leku hura infernutzat hartzen zuten, baina nik pentsatzen nuen: Maitasuna den Jainkoa nire existentziaren infernura jaitsi zen; eta nik han, “infernu” horretan, nire Zerua, nire Paradisua, aurkitu nuen Jesus han zegoelako.
Inoiz ez naiz joan gauzak eramateko asmoz, ez baitzidaten ezer eskatzen. Haien izenez deitzera mugatzen nintzen, haien ondoan lurrean esertzera… Gabon gaua iritsi zenean, adibidez, gazte bat eta biok hara joan ginen haiekin ospatzera. Ordutik, urtero horrela ospatzen dugu Gabon-gaueko afaria eta, gaur egun, joaten garenok… ia haiek adina gara!
Ia zortzi urte igaro dira eta gauza asko gertatu dira…
Denborarekin, parrokiako Caritasek baliabide ekonomikoak eskaini zizkidan gosari beroak eramateko; eta hilean 620 gosari ematera iritsi gara.
Egunak, hilabeteak eta urteak aurrera joan ahala, errealitate bera aurkitzen hasi nintzen inguruko beste kale eta plazetan. Zerbait pertsonala bezala hasi zena orain beste askok ere partekatzen dute: Sevillako eta Kordobako Fokolareen komunitateak ditugu, parrokiako Caritas talde batzuk eta beste pertsona batzuk.
Sevillan “Chiara Luce proiektua” jaio zen, etorkin gazteentzako etxe gisa. Egun hauetan, “GRACIAS” deitu diogun proiektua eraikitzen hasi dira Kordoban, eta bertako FoKolareen komunitateak, beste pertsona batzuen laguntzarekin, Kamerungo Ibrahim eta Patrick hartu ditu. Egoera zaurgarrian zeuden lau pertsona ere har zitzakeen pisu batekin hasi zen hori. Komunitate batek hartu, lagundu eta artatu ondoren, “zutitu” egin dira, eta jada gizarteratze eta laneratze bidean daude.
Elkarlan materialari, espiritualari eta otoitzei esker, posible izan da oinarrizko beharrak asetzea, arropa, zapatak, tren eta autobus txartelak ekarriz… baita hegazkin pasarteak ere, eta horrek, agian, norbait zain zuten tokira itzultzeko aukera eman die. Beste batzuei “paperak” eskuratzen lagundu diegu edo lana eta etxea aurkitzen, Peruko familia gazte batekin gertatu zen bezala.
Bai, batzuetan beldur naiz …
Baina Jesus haiengan aurkitzean, beldurra desagertu egiten da. Jesusek Ebanjelioan esan zuen: “Ni naiz bidea […]” (Jn 14:6); bide horrek izutzen nauela esango nuke. Baina Hura ez da Bidea bakarrik, Hura ibiltari egin da, nirekin ibiltzen da, elkarrekin ibiltzen gara; eta hor jada ez dago beldurrarentzako lekurik. Berarekin Bere Bidea egite honetan, ez goaz bakarrik. Jesusen atzetik ez, baizik eta Jesusekin gabiltzala esperimentatzen dugu.
Ez daukat proiekturik, istorio bat daukat
Maitasun-istorio bat! 2018ko iraileko ostiral batean hasi eta gaur arte jarraitzen duen istorioa. Proiekturik baldin badago, hau Jainkoak dauka. Nik dakidan gauza bakarra da haiek, behartsu eta ahul izanik, aberats eta indartsu egin gaituztela haiei konpainia egitera joan garenok.
Badut... zerbait argi badut, hauxe da: Jainkoaren maitasunaren sakramentu ukigarria izatea guztiontzat eta bakoitzarentzat, aldi berean kontziente izanik Jesusek, Galileako Kanan bezala, pegarrak urez betetzea besterik ez didala eskatzen; ura ardo bihurtzearen miraria Berak egiten du.
Nacho Suárez
