Hil honetako Bizi Hitza Irteera liburutik hartua da, israeldarrek Egipton zituzten baldintza gero eta etsigarriagoak kontatzen dituena. Zapalduak eta esklabo bihurtuak, zeruari deiadar egiten diote laguntza eske. Oihu hori Jainkoaren bihotzera iritsi da, eta Hark esku hartzea erabakitzen du, eta Moises aukeratzen du bere mandataritzat. Askapenaren ondoren, Jainkoaren eta Israelen arteko Ituna zigilatzen duen zeremonia egiten da. Harreman hori islatzen duen dokumentua «Itun-liburua» (Ir 20-23) da, herri osoak onartua (ik. Ir 24). Haren zatirik ezagunena hamar aginduak dira. Horiez gain, bestelako agindu eta lege batzuk gehitzen zaizkie, guztiak ere askapenaren aparteko gertaerarekin lotuak. Hil honetako esaldia bizitza eta portaera-arauen ondare horretatik dator.
«Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton».
Atzerritarra Jainkoak gogoko duen eta babestutako kategorietako bat da, ahulenen artean baitago, behartsu, umezurtz eta alargunarekin batera. Arau honen motibazioak, batez ere, israeldarrek Egipton esklabo zirela bizi izan zuten guztia gogorarazten du. Jainkoak Irteeran, Exodoan, duen esku-hartze ahaltsua etengabe errepikatzen da Itun Zaharrean. Herriak beti gogoan izan behar duen gertaera da, belaunaldi bakoitzean modu ezberdinetan errepikatzen den zerbait bezala. Adierazgarria da Origenesek Irteera liburuari egindako iruzkinean esandako esaldia: «Atzerritarra zapaltzen duenak erakusten du ez duela Egipto oraindik utzi»[1].
Agindu horrek enpatiari ere dei egiten dio: besteen lekuan jartzeak haiek ulertzen eta zer behar duten ulertzen laguntzen du. Esperientzia zail bat bizi izan duenak errazago ulertu behar luke bestearen mina Baina Itun Zaharrean ez da giza esperientzia bakarrik: Jainkoa bera da besteen egoeran sartzeak esan nahi duenaren adibide ematen lehena.
«Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton».
Nola jarri praktikan Bizi Hitza h? Baliagarria izan liteke geure buruari galdetzea: inoiz esperimentatu al dut atzerritar izatea? Ez onartua, ez babestua, ez ulertua, lekuz kanpo sentitu naiz? Zer ikasi dut egoera horietatik? Nor da niretzat atzerritarra? Eta nor da atzerritarra Jainkoarentzat? Nola hartu dezaket erreserbarik gabe, Jaunak gurekin egiten duen bezala? Zer egin dezaket zehazki?
Chiara Lubichek honela idatzi zuen: «Pertsonen artean bereizketarik egiten ez duen Jainko batekin, nola ez grabatu bihotzean senidetasun unibertsala? Aita beraren seme-alabak garenez, harremanetan gauden gizon eta emakume bakoitzaren senide garela deskubritu dezakegu. Beraz, denok senide bagara, denak maitatu behar ditugu, ondoan dugunarengandik hasita, gelditu gabe. Horrela, gure maitasuna ez da platonikoa eta abstraktua izango, baizik eta zehatza, zerbitzuz egina. Bestearen bila joateko gai den maitasuna; elkarrizketa bat hasteko gai dena, bere premia-egoerekin identifikatzeko edota bestearen kargak eta kezkak bere gain hartzeko gai dena. Bestea bere aniztasunean ulertua eta onartua sentitzen den arte, eta berekin dakarren aberastasun guztia adierazteko libre»[2].
Maryam neska pakistandarraren esperientzia da: «Lokal batean jabeak adineko emakume bati tea nola ukatzen zion ikusi nuen. Nik rupia (bertako txanpona) batzuk besterik ez nituen poltsikoan, baina lagundu egin behar niola iruditu zitzaidan, eta jabearengana hurbildu eta nik ordainduko nuela esan nion. Aurrena zalantzati begiratu zidan, baina isilune baten ondoren irribarre egin eta esan zidan: "Ez, ez da bidezkoa. Zu, bezero bat, prest bazaude berataz arduratzeko daukazun apurra jarriaz, zenbat eta eskuzabalagoa izan beharko nukeen nik jabe gisa! Niretzat errazagoa da kikara bat te doan ematea zuk ordaintzen uztea baino". Esperientzia handia izan zen. Lehenik andreari eta gero jabeari maitasuna erakusten saiatuz, ikusi dut adeitasun-keinu soil batek beste norbaiten bihotza ireki dezakeela».
.Augusto Parody Reyes eta Bizi-Hitzako taldea
[1] Origenes, Irteerari buruzko hitzaldiak, v, 5.
[2] C. Lubich, 2006ko maiatzeko Bizi-Hitza: Palabras de Vida/2 (1991-2006) (arg. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madril 2026, or. 351.