Agindu al dakioke inori maitatzeko? Maitasuna sentimendu gisa ulertzen badugu, ezinezkoa da, noski! Baina Jainkoaren dohaintzat hartzen badugu, gauza aldatu egiten da.
Erromatarrei idatzitako Gutunean (Bizi-hitza hartzen du bertan), Legea eta maitasunaren arteko harremana deskribatzen du Pablok, eta maitasuna Legea bete-betean betetzea dela dio. Lehentxeago adierazi digu nondik datorren maitasun hori: «Baina Kristo, gu oraindik bekatari ginela hil zen gure alde: honela erakusten du Jainkoak guri digun maitasuna» (Erm 5, 8). Bere aldetik, Joanen Lehen Gutunak dio: «Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna» (1 Jn 4, 10).
«Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea».
Inork ezin du ez daukana eman. Agustinek ondo ulertu zuen, Jainkoarengana zuzenduz, zera eskatzen zuenean: «Eman agintzen duzuna eta agindu nahi duzuna»[1]. Jainkoaren maitasunaren dohain ordainezina jaso dugu, eta ez dugu gorde behar, zirkulazioan jarri behar dugu. Subjektu bihur gaitezke Jainkoaren maitasunaren hartzaile soilak izan beharrean: maitatuak izatetik maitaleak izatera pasa, eta horrela Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren bizitzan bertan parte hartu: Maitalea, Maitatua eta Maitasuna.
Ez dugu inorekin elkarrenganako maitasunaz beste zorrik –indarberritzen gaitu Pablok–, bestea maite duenak betea baitu legea (ik. Erm 13, 8).
«Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea».
«Hurkoarenganako benetako maitasunak ez du inolako kalterik eragiten –dio Chiara Lubichek–. Hau da, Jainkoaren agindu guztiak bete-betean bizitzera garamatza, izan ere, haien lehen helburua da egin ditzakegun gaitz forma guztiak saihesten laguntzea, dela gure buruaren aurka, dela gure senideen aurka».[2].
Horrela ulerturik, Legearen aginduak betebehar baino Jainkoaren maitasunaren dohain bihurtzen dira: ez dute gure maitasuna lotzen, baizik eta erabat askatzen.
«Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea».
«Erabateko betetze» hori lortzeko, hurkoa maitatzeko lehenengo urratsa hari kalterik ez egitea da. Baina, gainera, maitasunean sortzaileak izan behar dugu: «Ez da nahikoa lagun hurkoari minik ez egitea –gogorarazi zigun Frantzisko aita santuak–; beharrezkoa da ongia egitea abaguneak aprobetxatuz, Jesusen dizipulu garela adierazteko»[3].
Nola bizi, orduan, Bizi-Hitz hau? Jar dezagun berriz ere maitasuna gure bizitzaren erdigunean. Maita ditzagun besteak zehazki, Jesusek maitatuko lituzkeen bezala: Bera da Jainkoari eta gizateriari osoki ematen zaion maitasunaren betetasuna. Beragandik maitasunaren neurri altua ikas dezakegu.
«Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea».
Doris neska eskoziarrak honela kontatzen digu: «Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe batera egiten ditugun ohiko bisitetan, nirea ez bezalako mundu batean sartzen naiz. Badakit garrantzizkoena ez dela nik sentitzen dudana, maitatzea baizik. Egun batean, tristura sakona islatzen zuen gizon batek guztiarekin amaitzeko prest zegoela aitortu zidan, hil ere egin nahi zuela. Entzuten jarri nintzen, besterik gabe; gero ogitartekoa eta kafea elkarrekin hartu genituen. Eta ulertu nuen entzutea eta bertan egotea jadanik maitasuna erakusteko modu bat zela. Alde egiteko momentua iritsi zenean, besarkada handi bat eman zidan, irribarre egin zidan eta egiten ari ginena oso garrantzitsua zela esan zidan, ez bakarrik berarentzat, baita han zeuden guztientzat ere. Amodioaren indar sinestezina sentitu nuen. Agian ez dut “salbatu”, baina bere esker onak pozez bete ninduen, eta hau, berez, oso indartsua da».
Claudio Cianfaglioni eta Bizi-Hitzaren taldea
[1] Agustin Hiponakoa, Aitorpenak, X, 29, 40: da quod iubes et iube quod vis.
[2] C. Lubich, Bizi-Hitza, 1993ko iraila: Palabras de Vida/2 (1991-2006) (arg. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madril 2026, or. 77.
[3] Frantzisko, Audientzia Nagusia, 2018-03-01: El encuentro con el Resucitado. Catequesis sobre la santa misa, Ciudad Nueva, Madril 2018, 48. or.