Gaurko munduak batasun falta du. Familia-eremuko zatiketetan ikusten da, bizilagunen artean, elizen eta komunitateen artean, adibide batzuk aipatzearren. Polarizazioa adimenari gailentzen zaiola dirudi. Aurrea hartzen duen indibidualismoaren ondorio da, eta norbere kontura erabaki eta jokatzera bultzatzen du, norberaren interes edo prestigio pertsonala bilatuz, besteak, beren beharrak eta eskubideak gutxietsiz.
Eta, hala ere, posible da batasuna esperimentatzea. Beti gauza txikiekin hasten den bidea da, barnean emandako baietz batetik: abegikortasunari bai, barkatzeari bai, besteenganako zerbitzuan bizitzeari bai. Ez dira proiektu handiak, leialtasun ekintza txikiak baizik, denborarekin bizitza bat, komunitate bat, inguru oso bat eraldatzen dutenak. Eta hori gertatzen denean, konturatzen gara senidetasunak ideal izateari utzi eta begi-bistako errealitate bihurtzen dela eta denontzako itxaropen.
Martin Buberren ustez, batasuna harremana da. Topagunearen espazioa da, Zu-aren eta Ni-aren artean dagoena, leku sakratua, desberdintasunak desagertu ordez elkar-ezagutzen diren espazioa. Haren ustez, batasuna bi errealitatek elkar ukitzen uzten dutenean sortzen da, eta ez bata bestearen gainean ezartzen denean. “Artean” hori aniztasuna hartzen duen espazio gisa uler daiteke, eta horregatik, hain zuzen, elkartasun-iturri bihurtzen da. Horregatik, Buberren aburuz, Egiazko bizitza oro topaketa da (Ich und Du, 1923).
Horrela, bestean — dela lagun bat, dela senide bat, dela gure bidean aurkitzen dugun edonor — “harremanak eskeintzen duen aukera” handia aurkitzen dugu. Hain zuzen ere, besteak “salbatu” egiten gaitu egoera zail batek gure beldurretan murgiltzen gaituela dirudienean, geure buruaz harago joateko aukera emanez. Bat eginda bizitzea elkarrekin ibiltzea esan nahi du, ezberdintasunak altxor bihurtuz eta ez oztopo. Elkarbizitza hutsetik topaketara igarotzeko gonbidapena da, non bakoitzari dagokiona, elkarrekikotasunean, partekatua eta harremanean jarria izan delako berri bihurtzen den. Batasuna, horrela ulertuta, ez da bien batura, ezta hauskortasun ere: indarra da, oraindik ere etorkizuna egongo denaren itxaropena sortzen duena. Aniztasuna jadanik ez da batasunik eza, elkarrekiko aberastasuna baizik. Bestearengan gertatzen denak nigan ere oihartzuna duela sentitzea da. Batasuna ez datza berdintasunean, harmonian baizik, gogorarazten digu Rabindranath Tagorek.
Hil honetan bizi izandako batasunetik jaiotzen den poza, argia, bizitza, bakea eta itxaropena esperimentatu ahal dezagula. Bat bagara, dena beste era batera hautematen da.