“Indartsuenaren legea” nagusi den mundu batean bizitzearekin konformatzen al gara? Non arrakasta izateko besteak zapaltzea edo azpiratzea da beharrezko? Non besteari mesfidantzaz begiratzen diogun eta, daukaguna galtzeko beldurrez, hesi fisikoak edo ikusezinak eraikitzen ditugu? Etsi egiten al dugu egunak itxaropenik gabe pasatzen utziz, bizi dugunari zentzurik aurkitu gabe? Eta are gehiago: hori al da benetan bete-betean bizitzea?
Mundu konplexu eta zalantzazko batean, bizitza ulertzeko modu berri baten eramaile izateko aukera dugu. Baina, horretarako, lehenik eta behin, horren esperientzia egin behar da. Nola?
Eskatu gabe jaio gara, eman zaizkigun gaitasun batzuekin: batzuek komunikatzeko erraztasuna dute, beste batzuek sentsibilitate artistiko eta sortzailea; denok dugu adimen jakin bat, eta baliteke bizitzak garatzeko aukera paregabeak eman izana. Galdera da: zer egingo dugu horrekin guztiarekin? Bi aukera ditugu: gaitasun horiek norberaren onurarako bakarrik erabiltzea, ematen digutenaz gozatuz, edo besteen zerbitzura jartzea eta partekatzea.
Agian, bigarren aukerak ez digu berehalako onura ekonomikorik ekarriko —gaur egun, badirudi hori dela munduaren eragile nagusia—, baina, zalantzarik gabe, bestelako errealitate bat eraikitzen lagunduko digu: lehia berez helburu ez duen mundu bat, elkarrekin hobetzeko eta hazteko bitarteko bat baizik.
Ez da inposatutako errealitate bat, eguneroko harremanetan eta norberak ekitea erabakitzen duenean hartzen dituen erabakietan hasten den prozesu bat baizik. Horrela bizi diren pertsonek, ekintzekin, aldaketa posible dela erakusten dute. Jarduten duten lekuan, paradigma berri bat ikusarazten dute eta aldaketa hori gertu dagoela agerian uzten dute.
Apaltasunez, partekatu dezagun garena eta daukaguna; lagun diezaiogun eta eskain diezaiogun afektua gure berotasuna eta hurbiltasuna behar duenari, sufrimenduak arinduz beharrezkoa denean; bizi ditzagun elkarrekin justizian, errespetuan, bakean eta pertsona guztien duintasunean oinarritutako gizarte baterako aldaketa-eragile diren balioak; barkamena eta adiskidetzea sustatzen dituen eta guztion ongia bilatzen duen gizartea.
Elkarrekin indar eta sinesgarritasun handiagoa izango dugu, batez ere gure hautuetan irauten badugu. Gure jardunak ez dezala errekonozimendurik bilatu, ezta kalkuluan edo interesean oinarritu ere. Eraldaketa geldoa da, batzuetan sumagaitza, baina etengabeak bagara, aldaketa gertatu, hazi eta sendotu egiten da. Etorkizuna orainaldi bihurtzen hasten da.