Mateoren Ebanjelioaren atal honetan, apostoluak Jesusek aukeratu berri ditu. Bere izenez deitzen ditu eta botere bereziak ematen dizkie izpiritu lizunen gainean, kanporatzeko, eta gaixotasun eta ezintasun guztiak sendatzeko dohaina. Jesusek argibideak eman dizkie, hasierako misioa non eta nola garatu. Zabaldu behar duten mezua argia da: «Jainkoaren erregetza gainean da» ((Mt. 10, 7).
Agindu honek «joan eta aldarrikatu» mezua, alde batetik, benetako dizipulua batez ere hurbiltasunaren predikatzailea dela azpimarratzen du, eta bestetik, elkarrekin ibiltzeko moduak berak, iragarpen izan behar duela. Izan ere, Joanen Ebanjelioan, agindu berria eman ondoren, Jesusek dio: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Jn 13, 35).
«Hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela. […] Doan hartu duzue, eman doan».
Jesusen iragarpenaren muina «Zeruetako Erreinua» da. Esamolde hori «Jainkoaren Erreinua» ren kidekoa, Itun Zaharrean erabiltzen zen Jainkoaren jaurerria, gobernua eta giza historiaren gaineko salbamen-ekintza adierazteko. Bera munduko subiranoa da, eta batez ere Israelgo herriarena, David erregearen ondorengo bat espero baitzuen Israelen misioa berriro ezarriko zuena jendeen artean. Itun Berrian, Jesus bera aurkezten da Daviden ondorengo bezala eta, beraz, errege. Aldi baterako erreinuak ez bezala, «Zeruetako Erreinua» bake eta justiziazko erreinua da, non behartsuak zaintzen diren, barkamenak eta adiskidetzeak agintzen duten eta nazio guztiei bizia eta argia eramango dien. Munduan eta pertsonen bihotzean jada hasi den erreinua da, baina Jesus itzultzen denean egingo da erabat.
«Hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela. […] Doan hartu duzue, eman doan».
Jesusek iragarri du Erreinua denboran hurbil dagoela, berehalakoa dela. Bere parabolei esker, ziape alearena adibidez edo masa osoa hazarazten duen legamiaren parabolari esker, ulertzen da Jesusek modu misteriotsu eta apalean jokatzen duela, baina era tematian eta denboran zehar. «Hurbil» hitzak ere badu espazio zentzua. Ikasleak, Jesusen izpirituaren presentzia daramatenak, oinez hurbiltzen direnean, Jainkoaren Erreinua hurbiltzen da. Eta, Markosen Ebanjelioan, Jesusek eskribauari: «Ez zaude Jainkoaren Erreinutik urrun» (Mk 12, 34) esaten dionean litekeena da ez bakarrik “ulertzen hasi zara” esan nahi izatea, baizik eta baita “ez zaude nigandik urrun” ere.
«Hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela. […] Doan hartu duzue, eman doan».
Doan terminoak grekozko jatorrizkoan esan nahi du oparia. Apostoluek jaso duten guztia ez zaiela merezi dutelako eman azpimarratzen du horrek. Iturria Jainkoaren eskuzabaltasuna da, eta eginkizun jakin baterako hautatuak izatea.
Honela idatzi zuen Chiara Lubich-ek: «Jainkoaren Erreinua hartu egin behar da. Jainkoak egiten dizun dohaina da. Izan ere, ez dago Jainkoaren Erreinuan sartzen lagunduko dizun giza ahalegin, saiakera aszetiko, ikasketa edo ikerketa intelektualik. Jainkoa bera da zure bila datorrena, bere argiaz errebelatzen dena edo bere graziaz ukitzen zaituena. Eta ez dago inolako meriturik, Jainkoaren dohain hori izateko harropuztu zaitezkeenik edo laguntza eman diezazukeenik. Erreinua doan eskaintzen zaizu»[1].
Hura hartzean, gaur ere Jesusek apostoluei agindu zien zereginarekin jarraitzera deituak gaude: hitzarekin eta ekintzekin Erreinuaren hurbiltasuna aldarrikatzea, gizaki bakoitzari itxaropen-mezu bat elkarrekin iragartzea: hain nahigabetua eta ziurtasunik gabeko mundu honetan, Jainkoak ikaragarri maite du eta izugarri maite gaitu guztiok.
Augusto Parody Reyes eta Bizi Hitzaren taldea
[1] C. Lubich, Bizi-Hitza, 1979ko urria: Ead., Palabras de Vida/1 (1943-1990), (arg. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madril 2020, or. 155.