Tiberiades lakuaren ertzeko jendetza handi bati paraboletan hitz egin ondoren, Jesusek bere dizipuluei hitz egiten die eta bere hitzen zentzu sakona azaltzen die.
Gure kontakizuneko protagonista Jainkoaren Hitza da, hazi txiki eta hauskor batekin konparatzen dena. Harriek, sasiek eta hegaztiek ernetzea, sustraiak botatzea eta galburu helduak sortzea eragotz diezaiekete, baina ereintzaile jakintsuak badaki bere bizitasun harrigarriaz.
Irudi hauen bitartez, Jesusek gizakiaren eta Jainkoak oparo eskaintzen duen Hitzaren arteko harremana erakusten du, baina bada hartzen duenik eta, hainbat arrazoirengatik, fruiturik eman gabe erortzen uzten duenik ere. Izan ere, giza bihotzean, azalkeriak eta gehiegizko kezka materialek Jainkoak berak bere izakietan piztu nahi duen goi-bizitzaren miraria mehatxatzen dute.
Guri ere, dizipuluei bezala, Jesusek, Jainkoaren maitasunaren misterio apalean sartzera gonbidatzen gaitu eta aldi berean, pertsonalki erabakiari buruz galdetzen digu: zer «lur mota» izan nahi dugu?
«”Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du».
Entzutea eta ulertzea: badirudi hori dela eremu abegikor bihurtzen gaituen sekretua, non Hitzaren haziak bere indarra adieraz dezakeen eta fruitu onak eman.
Zein baliotsua den entzuteko prest egotea! Jainkoaren bizitza sartzen uzteko espazio espirituala da entzutea, Bera baita beti bere errukiarekin, heltze-garaiak ezagutzen eta errespetatzen dituen langilearen erako pazientziarekin aurretik datorkiguna.
Jainkoaren hitzek, Chiara Lubichek idazten duenez, «barrutik argitzen dute, ez bakarrik adimena, baizik eta izaki osoa, argia, maitasuna eta bizitza direlako. Bakea ematen dute –Jesusek “nire bakea” deitzen duena– baita asaldura eta larritasun uneetan ere. Alaitasun osoa ematen dute, arima lausotzen duen oinazearen erdian ere. Indarra ematen dute, batez ere abaildura edo etsipena sortzen direnean. Aske egiten gaituzte Egiaren bidea irekitzen dutelako. [...] Gugan ere Jainkoaren Hitzarekiko maitasun sutsua sortu behar da: har dezagun arretaz elizetan aldarrikatzen denean, irakur dezagun, azter dezagun, hausnar dezagun ... Baina, batez ere, hura bizitzera deituak gaude. [...] Jesusen Hitza bizitzean, Ebanjelio osoa bizi dugu, bere Hitza bakoitzean Bera guztiz ematen delako, Bera dator gugan bizitzera [...] eta gure pentsaera, gura izatea eta iharduteko modua ordezkatzen duelako bizitzaren egoera guztietan»[1].
«”Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du».
Mexikoko Wambilek kontatu digu: «Garai batean zulo sakon batean harrapatuta sentitzen nintzen. Harreman bortitz batean murgilduta nengoen, ihes egiten eta dena nire indarrekin konpontzen saiatzen nintzen. Sare sozialek eta kanpoko zaratak eraginda, sarritan Jainkoaren planean ez zeuden gauzak bilatzen nenbilen. Ahalegin guztiak egin arren, hutsik eta helbururik gabe sentitzen nintzen. Banekien maitasuna hizkuntza unibertsala dela, horregatik boluntariotza lanetan hasi nintzen, eta Jainkoarengandik bakarrik etor zitekeen jarduteko modu bat aurkitu nuen. Denborarekin, bere Hitza entzuteko eta Harekiko harremanean hazteko leku bat aurkitu nuen. Biziki eskertzen dut».
Lur idor eta harritsua sentitzen garenean ere, Hitza bera eraginkorra da, Isaias profetak adierazten duen bezala: «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe, emankor bihurtu eta ernamuindu gabe, [...] berdin nire ahotik irtendako hitza ere: ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen» (Is 55, 10-11).
Itxaropen horri eutsita, beldurrak eta tentsioak nagusi diren garai honetan, bizitza partekatzen dugun emakumeenganako eta gizonenganako konfiantza ere landu dezagun. Konfiantza izan dezagun fruitu onak emateko eta entzuteko eta hitz egiteko aukerak sortzeko gai direnengan, senidetasunaren zerumugarantz elkarrekin joateko.
Letizia Magri eta Bizi-Hitzako taldea
[1] C. Lubich, 2003ko martxoko Bizi-Hitza: Ciudad Nueva 396 zk. (2003/3), 24-25 orr.