Gerra guztien gaitzespena eta herri ororen bake, justizia eta duintasunaren aldeko konpromisoa premiazkoak dira. Castel Gandolfon (Erroma) bildutako Fokolareen Mugimenduko buruzagien adierazpenak, urteroko topaketan, pertsona guztiak gonbidatzen ditu eguneroko keinu bakoitza bakerako bide baten ernamuina izan daitekeela jakitera eta horrek dakarren konpromisoa hartu eta bizitzarekin batera sinatzera.
Castel Gandolfo (Erroma), 2025eko irailaren 27a
Guk, Fokolareen Mugimenduko agintariok, Erroman bilduta, Mugimendua dagoen 140 herrialdeetan bere kide direnen ordezkari gisa, gure atsekabe handia adierazten dugu Ekialde Ertaina eta munduko beste alde asko suntsitzen ari diren gatazka armatuen etengabeko gorakadagatik.
Gure hurbiltasun sendo eta zehatza adierazten dugu sufritzen ari diren pertsonekiko eta biztanleekiko, eta indarkeria, injustizia eta zapalkuntza mota guztiak gaitzesten ditugu.
Bakea gure eguneroko keinuetatik hasten dela jakitun, honako konpromiso hauek geure bizitzarekin hartzera eta sinatzera gonbidatu nahi ditugu guztiak:
- “Bakearen artisauak” izatea, ideologiak eta konfrontazioak gainditzeko prest;
- elkartasun-sareak sustatzea eta sostengatzea, gerra guztietako biktimei laguntza materiala, psikologikoa eta espirituala emateko;
- gure komunitate bakoitza “bake-etxe” bihurtzea, elkarrizketaren eta elkar ulertzearen bidez etsaitasuna desaktibatzen ikasteko, justizia egiteko eta barkamena eraikitzeko;
- hezkuntza-programak bultzatzea, batez ere belaunaldi berrietan bakearen kultura, inklusioa eta indarkeriarik eza sustatzeko;
- topaketa, erlijioen arteko eta kulturen arteko elkarrizketa, sortzeko ekimen lokal eta global oro bultzatzea, funtsezkoak baitira adiskidetzeko.
Konpromisoa hartzen dugu barkamena, elkarrizketa eta senidetasuna ez daitezen hitzak izan, baizik eta etorkizuna irekiko duten eta indarkeriak azken hitza izatea eragotziko duten bide nagusi bihur daitezen.
Lurreko txoko guztietatik etengabeko eta konfiantzazko otoitza igo dadila bakearen Jainkoari, gatazka guztiak gelditzeko jardun dezaketenen bihotzak argitu eta mugi ditzan.